XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRAKASLE ESKOLA: IRAKASLEGOAREN ERREZIKLAIAREN ILDOTIK Jesus E. Ginto.

Joan den Abenduan, IRAKASLE ESKOLAk Erakusketa bitxi bat antolatu zuen.

Bertan biltzen ziren bailarako irakasleek beren erreziklai saioetan sorturiko material guztiak.

Hiru egunez egon zen zabalik, bertara hurbildu zen jende ugariak hainbat kontsulta eta eskabide egin zituelarik, etengabe Erakusketan ziharduten arduradunen laguntzaz.

Aurretik, noski, prentsa eta komunikabideetan eman zen ekintza honen berri.

Betidaniko kezka Erakusketa hau izan da, besteak beste, IRAKASLE ESKOLAk bere sorreratik izan duen kezka baten adierazgarri: bere eginkizuna lanean ari ziren maisu-andereñoengana ere zabaldu egin behar zela.

Horrela sortu zen Erreziklai-SAILA, azken urtean, adibidez, 186 irakasleren gaurkotze lana burutu zuelarik.

Bai Juanjo Otañok, Zentroko Zuzendaria, eta bai Jesus M. Garmendiak, Erreziklai sailburuak, gogoan dute nolakoak izan ziren, direla hamar urte edo, hasierako kurtsiloak: oporretan beti, norberak ordainduak gehienetan eta, larriena, Eskolarekiko loturarik gabekoak.

Horrela ezin zitekeen ezer seriorik egin.

Italia eta Cataluyan zenbait esperientzia aztertu ondoren, eta Euskal Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak horrela eskatuta, Plangintza zabal eta koerente bat burutzen du Irakasle Eskolak: orain indarrean dagoena, hain zuzen ere, bere laugarren urtean.

Erreziklaia, lan-ordutan Plangintza honen araberan, erreziklaian ezinbestekoa da Administrazioa bera eta Eskolak ere inplikaturik egotea Irakasle Eskolarekin batera.

Bestalde, irakaslegoak bere lan-ordutan jasoko ditu erreziklai-saio hauek, eta ez lanetik kanpoko orduetan, ordurarte gertatzen zen bezala.

Helburua ez da, orain, norberak bere burua aberastea; baizik eta ikasten duena eskolara eramatea, honen berrikuntza didaktikoa bait da, azken finean nahi dena.

Hau da, ikuspegi pertsonaletik ikuspegi kolektiboago batetara egin dugu salto.

Eragina eskualdean Gogoratu Deba Garaia dela Irakasle Eskolaren esparru naturala, hau da, 70.000 biztanle dituen eskualdea, hoietatik 13.000 direlarik Eskolaurre eta O.H.O.-n daudenak.